miércoles, 29 de octubre de 2008

Wikipediarako sarrera

Irratia.com

2000 urtean sortu zen irratia.com proiektua, musika kanalak entzuteko aukera ematen zuen webgune gisa. Albiste batzuk agertzen ziren webgunean, baita grabatutako saio eta elkarrizketa batzuk ere, deskargatzeko aukera ematen zutenak. Zuzeneko irrati saio bakarra zegoen Jalgi Hadi Dantzarat, asteazkenero Tas-Tas irratitik eta sarean zuzenean emititzen zena.

2001ean Argia aldizkariak Argia Saria eman zion Irratia.com-i, euskarazko irrati digitala kontzeptu berria eta ekarpen interesgarria zela argudiatuz. Izan ere, proiektua teknologia berrien arloan euskararen egoera tamalgarriari buelta emateko eta irratigintza digitalizatzeko bultzada ere izan zen.

Emisioaren zerbitzua eta etengabeko musika kanalak halabeharrez itxi egin behar izan zituzten 2002an eta baita zuzeneko saioa egiteari utzi ere. Orduan, proiektua nahiko geldi geratu zen baina 2004ean irratia berriz garatzeari ekin zioten.

Aldaketa nahikorekin topatu ziren bi urte ondoren lanera bueltatu ostean. Izan ere, interneten panorama erabat ezberdina zen Blogak agertuz geroztik, baina hau ez zen oztopo bat izan, erronka berri bat baizik, eta bitarteko hori irratsaio batekin konbinatzea bururatu zitzaien, Bilbo Hiria irratiak astero saioa egiteko eman zien aukeraz baliatuta.

Horrela, irratsaio-bitakora bat egitea erabaki zuten, aste bakoitzeko saioa blog-ean aipatuz, loturak emanez eta saioaren beraren grabaketa mp3 formatoan eskainiz.
2004ko abenduaren 14an hasi ziren, irratia.com webgunearen 2.0 bertsioarekin (bloga bihurtuta). Izen bereko zuzeneko irratsaioa ere egiten dute asteazkenero 13:00etatik 14:00etara. Bilbo Hiriaren sintonian entzun daiteke irratia.com saioa (FMaren 96.0an Bilbo Handian eta interneten bidez mundu osoan).
Teknologia berriak, gizarte gaiak, musika, Internet eta euskal blogosfera izaten dituzte hizpide astero ordubetez eta saiook, blogean aipatzeaz gain, bertan jartzen dituzte eskuragarri.

Bukatzeko, aipatu beharra dago 2007ko abenduan Bilbao Hiria irratian emititutako haien ehungarren programa ospatzeko, emisioa Bilboko Kafe Antzokitik egin zutela, irratiaren osasun onaren adierazgarri.

No hay comentarios: